Ipuskoa: Mahai tekniko-politikoaren ondorio nagusiak
Azaroaren 13an egin zen Ipuskoa proiektuaren lehen mahai tekniko-politikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat zuzendaritza eta prozesuko erraztatzaileak bilduta. Saioaren helburuaAldundiarentzat interesgarriak izan daitezkeen erronka-ildo estrategikoak identifikatzea izan zen, gaur egun martxan dauden politikak aztertuta, eta horietan oinarrituta Gazteakt-eko Aktibazio Foroan gazteekin batera landuko diren lan-esparruak definitzea, alegia.
Saioan zehar, aurrez jasotako proposamenak aztertu eta eztabaidatu ziren, lehentasunak argitzeko eta norabide partekatua ezartzeko:
Kulturaren arloan, mahaiak ondorio argia atera zuen: eskaintza zabala dago, baina ez da behar bezala iristen gazteengana. Bekak, programak eta ekimenak badauden arren, informazioaren transmisioan hutsune nabarmena dago. Horregatik, erronka nagusietako bat da kultura-politiken komunikazioa, formatuak eta kanalak berrikustea, bereziki gazteei begira. Halaber, interkulturalitatea funtsezko ikuspegi gisa azpimarratu zen, eta euskararen rola zubi gisa ulertzeko beharra nabarmendu zen.
Gazteriaren arloan ordea, adostasun zabala egon zen gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala datozen faseetako lehentasun nagusietako bat izango dela. Testuinguru sozioekonomikoak eta ziurgabetasunak eragin zuzena dute gazteen ongizatean, eta Gazteakt-en bidez gai hau gazteekin batera lantzeko aukera estrategikoa ikusi zen.
Ekonomiaren arloan, tokiko garapenaren eta ongizatearen arteko lotura jarri zen mahai gainean, baita enpresetan dagoen errelebo generazionalaren erronka ere. Kooperatibismoaren balioak zabalago ulertzeko beharra aipatu zen, forma juridikotik harago, benetako praktika kooperatiboak kontuan hartuta. Dena den, gai hau epe ertain-luzerako erronka gisa kokatu zen, eta ez da lehentasunezko ardatz gisa planteatu une honetan.
Euskararen inguruan hainbat proposamen jaso ziren, bereziki gazteen saretzea, harrera-prozesuak eta transmisioa lantzeko ideiak. Mahaiak, ordea, ez zuen erronka zehatz berririk identifikatu fase honetarako, baina bai azpimarratu zuen euskarak zeharkako ardatz izan behar duela beste politika eta prozesuetan, bereziki kulturaren eta interkulturalitatearen testuinguruan.
Mahai tekniko-politikoak lan-ildo argiak zehazteko eta Gazteakt-eko hurrengo faseei zentzua emateko balio izan du. Ondorio nagusia da Aktibazio Foroan gazteen parte-hartzea funtsezkoa izango dela identifikatutako erronkei erantzun kolektiboak emateko, proposamenak diseinatu eta proiektuak definitzeko.