Gazteakt Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako tresna berria da, lurraldeko gazteekin konektatzeko eta haien iritziak, kezkak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin. Asmo nagusia da gazteak Gipuzkoako etorkizunaren eraikuntzan subjektu aktibo bihurtzea, eta politika publiko berrien diseinuan funtsezko eragile izatea.
2025aren amaieratik eta 2026. urte osoan zehar, hainbat erronka landuko dira, lurraldearen orainari eta geroari eragiten diotenak.
Parte hartzeko bi bide egongo dira:
- Kontsulta digitala: gazte orok izango du aukera online galdetegi baten bidez parte hartzeko, une horretan lantzen ari den erronkarekin lotutako galderak erantzunez.
- Aktibazio foroa: 18 eta 30 urte bitarteko 20 gazteren artean osatutako deliberazio talde bat hautatu da. Talde honek kontsulta digitaletik jasotako proposamenak aztertu, garatu eta maila gorenera eramango ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkezteko. Taldeak prozesu osoan zehar parte hartuko du, erronka edo dilema guztietan inplikatuko direlarik, eta 1.000€ baino gehiagoko ordainsaria jasoko du parte hartzeagatik. Gainera, Aldundiaren funtzionamendua barrutik ezagutzeko aukera izango du, eta baita lurraldeko sareko eragile garrantzitsu batzuk ezagutzekoa ere.
- Aurkezpen publikoa: Aktibazio foroan deliberatutako proposamen, proiektu eta gomendioak Aldundiari aurkeztuko zaizkio, eta honek deboluzio bat egingo du konpromiso instituzionalak azalduz.
Gizartean, instituzioetan, kalean, prentsan… bolo-bolo dabiltza gazteen inguruko iritziak: lan- eta bizi-baldintzak, emantzipazioa, beren ideal eta iruditegiak zein den zehaztu nahia, osasun mentala… baina zenbat entzuten ditugu? Nork hartzen ditu beren nahi eta beharrak kontutan? Eta beraintzako politika, zerbitzu eta artefaktuak diseinatu beharrean, zergatik ez ditugu zentruan jartzen?
Gipuzkoar gazteek badute zer esan eta erabaki. Mundu eta lurralde mailako erronka dezente ditugu eta ez gaude gizarte honen etorkizuna izango diren herritarren iritzi, proposamen eta erabakiei muzin egiteko. Horregatik ahalbidetu nahi dugu GazteAkt. Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiterik nahi. Gazteak zarete, asko duzue esateko, agian asko aldatzeko. Horregatik, aldaketaren parte izatea nahi dugu, ideiek eta iritziek zubiak eraikitzen lagun dezaten. Eta bide horretan, ez zarete bakarrik egongo: kolektiboan eta komunitatean sinesten dugu, elkarren arteko kolaborazioan. Hau ez da hitz egiteko edo zuen iritzia entzuteko lekua soilik izango, hau gazteen ahotsek etorkizuneko eszenatoki, zerbitzu eta proiektu berriak proposatu eta deliberatzeko espazioa izango da.