Joan eduki nagusira zuzenean
Galdera azkarrak
Nork: Gazteakt koordinazioa

Kaixo! Zer da Gazteakt?

image

Gaur GazteAkt proiektua aurkezten dugu, Gipuzkoako gazteen parte-hartze eta deliberazioan oinarritutako politika publiko berriak diseinatu eta eraikitzeko tresna komunitario eta instituzional berria. Gizartean —instituzioetan, kalean, prentsan…— bolo-bolo dabiltza gazteen inguruko iritziak: lan- eta bizi-baldintzak, emantzipazioa, beren ideal eta iruditegiak zein den zehaztu nahia, osasun mentala… baina zenbat entzuten ditugu? Nork hartzen ditu beren nahi eta beharrak kontutan? Eta beraintzako politika, zerbitzu eta artefaktuak diseinatu beharrean, zergatik ez ditugu zentruan jartzen?

Gipuzkoar gazteek badute zer esan eta erabaki. Mundu eta lurralde mailako erronka dezente ditugu eta ez gaude gizarte honen etorkizuna izango diren herritarren iritzi, proposamen eta erabakiei muzin egiteko. Horregatik ahalbidetu nahi dugu GazteAkt. Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiterik nahi. Gazteak zarete, asko duzue esateko, agian asko aldatzeko. Horregatik, aldaketaren parte izatea nahi dugu, ideiek eta iritziek zubiak eraikitzen lagun dezaten. Eta bide horretan, ez zarete bakarrik egongo: kolektiboan eta komunitatean sinesten dugu, elkarren arteko kolaborazioan. Hau ez da hitz egiteko edo zuen iritzia entzuteko lekua soilik izango, hau gazteen ahotsek etorkizuneko eszenatoki, zerbitzu eta proiektu berriak proposatu eta deliberatzeko espazioa izango da.

Proiektu honek metodologia konkretu bat du eta lau zutabe nagusitan banatzen da:

    1. Dilemak: 6 “dilema” edo erronkaren bueltan arituko gara, Gipuzkoa mailan gazteentzako lehentasun diren 6 erronka ezberdin. 

    2. Komunitate digitala: dilema bakoitzean, gizpukoar gazte “aktibistek” 3000 (gazte helburu) galdetegi digital bati erantzun beharko diote gazteakt.eus atarian, dilemaren inguruko beren iritzi eta perspetibaren baitan, eta ondoren dilemari bide emateko ideia eta proposamenak idatzi.

    3. Aktibazio foroa: lurralde osoko dozenaka gaztek izen-eman dute (oraindik irekia dago) “aktibazio foroan” parte hartzeko. Hauetatik eskualde ezberdinetan, generoaren eta adin-tartearen baitako 20 gazte edo “aktibatzaile” hautatzen ari gara aktibazio foroa osatzeko. Hauek Komunitate digitaletik jasotako proposamenak xehetu, osatu eta deliberatuko dituzte, dilema eta prozesu deliberatibo bakoitzeko 3 saio eginez, bi astean behin.

    4. Aurkezpen publikoa: “Aktibazio foroko” gazteen Aldundiari aurkeztuko dizkiete deliberatutako proposamen edo “aktuak”. Etorkizun urrun edo hurbilean aktibatu daitezkeen politika publiko, gomendio edo proiektuak izango dira. Eta Foru Aldundiak erantzun edo deboluzio saioan parte hartuko dute gipuzkoar gazteen erantzun bat emanez.

Zergatik orain? Bizi garen garai honetan, erronka handiak ditugu —etxebizitza, klima, migrazioa, identitatea, hezkuntza, hizkuntza, etab —  eta lidergotza partekatuak behar ditugu, baita gazteekin ere. Gazteek ez dute bakarrik hartzaile rola izatera mugatu behar, kide aktibo edo aktibista izan behar dute gizartearen eraldaketaren prozesu sakon honetan.

GazteAkt, izenak dioen bezala, “parte hartu”, “aktibatu”, “aktua egin”-tera gonbidatzen duen proiektua da. Gaur hemen, proiektua abian jartzen dugu hautatu dugun lehen dilema batekin. Dilemari “Ipuzkoa” deitu diogu eta gure gazteen identitate, kultura, hizkuntza eta bestelako eztabaidetan murgildu nahi genuke…Ipuskoaren milurteari keinu eginez, hurrengo milurtean nahi dugun Gipuzkoa eta gipuzkoarron identitate berriak eraikitzen hasteko prozesu deliberatiboa. Seietan lehena, barnera begirako ariketa izango da, introspekzioa eta eraiki nahi dugun gipuzkoar identitatearen lanketa sakona.

Besterik ez, bukatzeko: gazteen ahotsa eta ekintza ezinbestekoa zaigu Gipuzkoaren etorkizunerako. GazteAkt-en bitartez, zubi bat eraikitzera goaz, parte-hartzean eta deliberazioan oinarritzen den zubia. 

Martxan gara, sartu atarian eta proposatuz eraldatu! Eztabaidatuz eraiki!