Hitz egin dezagun emozioez
Izan gaitezen zintzoak: emozioez hitz egitea oraindik kostatzen zaigun zerbait da. Gure belaunaldiak, neurri batean, ikasi du emozioak identifikatzen eta izena jartzen… baina horrek ez du beti esan nahi badakigunik zer egin haiekin, nola kudeatu edo, besterik gabe, nola partekatu naturaltasunez.
Aspaldian ez gara hemendik pasatu, baina eskusa on bat daukagu. Ongizate emozionalarekin lotutako dilema berri batean aritu gara lanean.
Nahiz eta gero eta gehiago hitz egin osasun mentalaz, oraindik asko dago lantzeko. Azken urteotan, gazteen osasun mentalak gero eta leku handiagoa hartu du eztabaida publikoan. Eta, oro har “ondo gaudela” esan badezakegu ere, ondoeza, antsietatea, estresa edo nekea askoren egunerokoaren parte izaten jarraitzen dute.
Dilema hau, hain zuzen ere, gelditu eta gertuagotik begiratzeko beharretik sortzen da. Askotan ia inertziaz esaten dugun “ondo nago” horren atzean zer dagoen benetan ulertu nahi dugu. Izan ere, ongizate emozionala ez da soilik kontu indibiduala; bizi garen testuinguruarekin estuki lotuta dago. Etorkizunarekiko ziurgabetasunarekin, etxebizitzarako sarbidearekin, lanarekin, ikasketekin, presio sozialarekin edo sareen eraginarekin du zerikusia… baina baita oinarrizko zerbaitekin ere: zerbaiten parte sentitzearekin, edo ez.
Euskadin dagoeneko irekitzen ari dira ildo honetako elkarrizketak, zer gertatzen ari den eta zein erantzun diren premiazkoak ulertzen saiatuz. GazteAktetik prozesu horren parte izan nahi dugu, gazteen ahotsa erdigunean jarriz.
Testuinguru honetan, galdera bat planteatzen dugu, erraza ez dena baina bai beharrezkoa: nola eraikitzen dugu gazteen ongizate emozionala benetan zainduko duen lurralde bat, gaur egun eta etorkizunean?
Ez dugu erantzun azkar edo perfekturik bilatzen; benetako elkarrizketa bat ireki nahi dugu, errealitate hau hobeto ulertzeko eta konponbideak eraikitzen hasteko.
Parte hartu nahi baduzu, sartu gazteakt.eus webgunean, erantzun galdetegia eta partekatu zure ikuspegia.
Izan ere, ongizate emozionalaz hitz egitea ondo dago, baina hori posible egingo duen ingurunea eraikitzea da benetan garrantzitsua.