Lehen dilema martxan: Ipuskoa, identitate berriak
GazteAkt proiektua martxan da, eta gaur, hurrengo hilabeteetan landuko dugun lehen dilema aurkeztu dugu:
Lehenengo dilema “Ipuskoa” izenekoa da. Nor garen, zer hizkuntza eta kultura partekatzen ditugun, eta gure identitateari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituen prozesu deliberatiboa jarri dugu abian. Nola berdefinitzen gara etorkizunera begira? Nolako Gipuzkoa nahi dugu? Geure zilborrera begiratzeko ariketa da, ez beti erraza, baina ezinbestekoa datozkigun errealitate eta erronkak ikusita. Etorkizunaz hitz egin nahi badugu, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun jakitea da lehen pausua.
Gaur egungo testuinguru sozialean, non kultura bizitzeko eta partekatzeko moduak azkar ari diren aldatzen, eta gazteek gero eta zailtasun handiagoak dituzten kulturarekin identifikatzeko, ezinbestekoa da kultura euskarri berrietan eta begirada berriekin birpentsatzea. “Ipuskoa” horixe da: ekosistema kultural berritzaile bat aktibatzeko tresna bat, gazteek beren identitatea, iruditeria eta hizkuntza propioetatik eraiki dezaten. "Ipuskoa" ez da soilik erakusketa edo kanpaina bat izan behar: trantsizio kulturala gidatzen duen esperientzia parte-hartzailea da, Gipuzkoaren nortasuna belaunaldi berriekin elkarlanean berrasmatzeko. Horrela, kultura bizirik mantentzen da, eta aldi berean etorkizuneko ekosistema berriak sortzeko oinarriak jartzen dira.
Prozesu deliberatibo honek ez du erantzun itxirik bilatzen, elkarrizketa irekiak sortu nahi baizik. Helburua ez da adostasun azkarrak lortzea, gure artean hausnarketa kolektiboa piztea eta horien baitako kontsentsuak partekatzea. Gipuzkoako gazteok ditugun esperientzia, ikuspegi eta kezken arteko topaketa da benetako balioa.
Askotan erabaki politikoak urrun ikusten ditugu, baina prozesu honek gazteen ahotsa erabaki publikoetara hurbiltzea lortuko du, eta honen baitan, erabakiak hartzera bultzatu.
Hurrengo hilabeteetan beste dilema batzuk ere landuko ditugu, gure eguneroko bizitzan eragina duten gaiak jorratu eta gazteon ahotsa erabaki politikoetan txertatzea lortzeko. Horregatik, Gipuzkoako gazte guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, sartu gazteakt.eus webgunean, erantzun galdetegia eta idatzi zure proposamena. Ez da beharrezkoa politikan aditua izatea, nahikoa da interesa eta etorkizuna hobetzeko gogoa izatea.